XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) kasu partikularretako iharduna dela bide, dakusagun ea ideia hau gure gogoaren eragiketei buruzko gogoetatik datorren eta barne-inpresioren batetik kopiatzekoa izan litekeen.

Esan liteke barne-indar baten jakile garela etengabe, geure nahimenaren agindu hutsez gure gorputz atalak mugi edo gure gogoaren ahalmenak gida ditzakegula sentitzen dugunean.

Nahimen egintza batek gure menbruetan mugidak eragin ditzake edo ideia berri bat irudimeneratu.

Nahimenaren eragin hau kontzientziari esker ezagutzen dugu.

Bere eraginez lortzen dugu ahalaren edo energiaren ideia eta ziur gaude gu eta beste izaki adimendun guztiak ahal horren jabe garela.

Ideia hau, beraz, gogoetazko ideia da, gure gogoaren eragiketei buruzko gogoetatik eta nahimenak bai gorputz organoetan bai arimaren ahalmenetan darabilen aginteari buruzko gogoetatik sortzen baita.

52. Pretentsio hau aztertzera joko dugu, eta lehenbizi nahimenak zer eragin daukan gorputz organoetan.

Eragin hau, hauteman dezakegunez, beste guztiak bezala, esperientziaz bakarrik ezagun daitekeen gertaera da eta inoiz aurrikus ez daitekeena, efektuari lotu eta bata bestearen ondorio nahitaezko egingo duen kausan ageri den ezein energia eta indarren bitartez.

Gure gorputzaren mugimenak gure nahimenaren aginduari darraio.

Etengabe jabetzen gara horretaz.

Baina hori nola gerta daitekeen berbertan jakile izatetik, nahimenak haren bidez hain eragiketa harrigarria burutzen duen energiatik hain urrun gaude, ezen ikerketarik erneenari ihes egingo baitio.

Zeren, lehenik, ba al da natura guztian ezer ezkutuagorik, gorputz-arimen batasuna baino, zeinaren bidez delako substantzia izpiritual batek materialaren gainean halako eragina daukan, ezen pentsakizunik birfinena ere materiarik baldarrena mugiarazteko gai den.

Nahikari ezkutu batez mendiak mugiarazteko edo planeten orbitak kontrolatzeko gai bagina, aginte zabal hori ez litzateke harrigarriagoa (...).